XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikastegiak Hezibide Elkartea.

Hezibide Elkartearen ardura izan da 1977an Deba Garaia eskualdeko heziera egituren aldaketak aztertzea, garai berrietara egokituz, kokatuak daudeneko Herriari zuzen zerbitza diezaioten.

Herria bere Kulturaz arduratu zelako azken urteetan sortu ziren Ikastegi ezestatalak, nahiz ikastolak nahiz Oinarri Heziera Orokor, Batxilergo eta Lanbide Hezieratako Ikastegiak nahiz Unibertsital Eskolak, etab. haziaz eta ugarituaz joan dira ahalegin handiz estatal Ikastegien hutsuneak betetzeko.

Herrian sustraituriko heziera experientzia honek irakaskuntz arazoen aurrean gizartearen sentsibilitatea iratzartzeko balio izan du, eta honela kontzientzia hartze eta balio sendotze bat burutu da ondorengo sail hauetan:
- Herriaren esku hartzea heziera gestioan guraso eta irakasleekin batera
- Euskal Kultura eta hizkuntzaren hazkunde koordinatua.
- Irakaskuntzaren sozializazioa, diskriminazio gabe maila guztietara heltzeko eta heziera komunitariorako.

Euskal Herriak autonomi erregimen bat laster lortzen duenean, aro zail batetan gure Ikastegi ezestatalak bete nahi izan dituzten hutsuneak gaindituak izango direla uste dugu.

Euskal Herriko heziera egiturak aldaketa nabariak jasan beharko dituzte, eta Ikastegi ezestatalak egoera berrirako prestatu beharko dira, beren Ikastegi pribatu irudia aldatuz, gestio herritarrezko Ikastegi publiko bihur daitezen.

Ikastetxe estatalak ere beren aldetik poliki-poliki egokitu beharko dira Herriari behar dituen kultura aukerak eskaintzeko, herritar gestiozko Ikastegi bihurtuz.

Aldaketa perspektiba hauen aurrean, Hezibide Elkarteak, eskualdeko hamar Ikastegirekin harremanetan, urtean zehar Estatu berriak eta Barne Erregimenerako Arautegia landu du, zeinek izango bait du indarra kooperatiben Lege Nagusiaren aplikapenerako Arautegia onartzen denean.

Bere proiekzio berrian, Hezibide Elkartea Zerbitzu Kooperatiba bezala antolatzen da, hauek osatzen dutelarik: - Libreki elkartuko diren Eskolaurre, Oinarri Heziera Orokor, Batxilergo, Lanbide Heziera eta Unibertsital Eskola mailetako eskualdeko Ikastegiak.

- Eskualdean, irakaskuntzari eutsiko dioten ekonomi erakunde pribatuak.

- Eskualdeko irakaskuntzaren desarroiloa bultzatuko duten erakunde publikoak (Udalak Diputazioa eta Administralgoa).

Hezibide Elkartean sartu nahi duten Ikastegiak Irakaskuntz Kooperatiba bilakatuko dira, bere gestioan esku hartzen duten hiru estamentuez osaturik:
- Irakaslegoa eta irakasle ez den pertsonalgoa.

Elkarteko Kontrato bidez, Ikastegian bere kontura langile direnak.

- Ikastegiko ikasleen gurasoak, edo ikasleak berak adin jakin batetatik aurrera.

- Beren diru ekarriez, Ikastegiari eusten eta eragiten dioten laguntzaileak.

Beraz, Hezibide Elkartearen zereginak hauexek lirateke: - Irakaskuntz maila desberdinen plangintza.

- Ikastegien koordinaketa plangintza hau ongien burutzeko.

- Heziera aukera berrien eragintza.

- Heziera sistimaren hobekuntza bultzatzea eta pedagogi berrien saioketa.

Deba Garai eskualdeko ikasle kopuruaren bilakaera ikusteko, 1976-1977 eta 1977-1978 ikasturteetan Ikastegi estataletako eta ezestataletako ikasleen kopuruak aztertuko ditugu.